Albisteak

Nafarroak Aniztasun Linguistikoa Sustatzeko Europar Sarearen lehendakariordetza izanen du datozen bi urteetan

2013-06-13

Kargua Euskarabideko Aholkularitza eta Komunikaziorako atalburua den Dori López Juríok beteko du

 

Nafarroako Gobernua arituko da Aniztasun Linguistikoa Sustatzeko Europar Sarearen (NPLD, ingelesez) lehendakariordetzan datozen bi urteetan.
 
Kargua Euskarabideko Aholkularitza eta Komunikaziorako atalburua den Dori López Juríok beteko du. Ekainaren 6an eta 7an Bilbon ospatu zen urteko batzar nagusian izendatu zuten.
 
Nafarroako Gobernua, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak dituzten Europako beste herrialde edo eskualdeetako hainbat erakunderekin batera, NPLDren eskubide osoko kide da. Sare horren xedea Europako herritarrak eta erakundeak hizkuntza aniztasunaren garrantziaz jabearaztea da.
 
Besteak beste, ondoko herrialdeek parte hartzen dute: Bretainia (Frantzia), Katalunia, Korsika (Frantzia), Estonia, Finlandia, Frisia (Herbehereak), Gales (Erresuma Batua), Galizia, Irlanda eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Halaber, esparru honetan lanean diharduten hogei bat elkarte eta GKE ere sareko partaide dira.
 
Europar Batasunean 500 milioi lagun inguru bizi dira, eta uste da horietako %10ek eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzaren bat hitz egiten dutela.
 
Argazki-oina (ezkerretik eskuinera) Vicent Climent-Ferrando, NPLDko aholkularia; Meirion Prys Jones, NPLDko zuzendari kudeatzailea; Dori López Jurío, NPLDko lehendakariordea; eta Peggy Heikkinen Folktinget, NPLDko lehendakariordea.

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora