Albisteak

IKTen eremuan Euskara sustatzeko, hedatzeko eta normalizatzeko laguntzak deitu dira

2018-05-24

40.000 euroko laguntzak, lehendik dauden web guneak eta aplikazio eta programa informatikoak euskarara egokitzeko proiektuetarako

Gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean IKTen eremuan Euskara sustatzeko, hedatzeko eta normalizatzeko laguntzen deialdia, 40.000 eurokoa. Lehendik dauden web guneak eta aplikazio eta programa informatikoak egokitzeko erabiliko dira. Laguntzak eskatzeko epea datorren ekainaren 14an amaitzen da.

Diruz laguntzeko proiektuek plan espezifikoa izan beharko dute Interneten sartzeko edo publikoak oro har eskuratzeko moduan egongo dira, eta euskarazko bertsioa hedatzeko aukera jaso beharko dute. Halaber, etengabe eguneratzeko plangintza izan beharko dute, web gunea ezagutzera emateko proposamenarekin batera, eta bisitak zenbatzeko kontagailua izan beharko dute ikusteko moduan edo gordeta. Bigarren kasu horretan, diru-laguntza eskatzen duen erakundeak aukera teknikoa eman beharko dio Euskarabideari jasotako bisita-kopurua ezagutu ahal izateko.

Deialditik kanpo geratuko dira kapital batez ere publikoko erakunde pribatuak eta ondarea batik bat publikoa dutenak edo gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza batik bat publikoa dutenak. Era berean, honako hauen proiektuetarako ezingo dira laguntzak eskatu: alderdi politikoak, hauteskunde-koalizioak, sindikatuak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen ez duten proiektuak, publiko zabala aintzat hartzen ez duten atari edo web gune pertsonalak edota Euskarabidearen beste deialdi batera aurkeztutakoak, besteak beste.

Azkenik, laguntzen deialdiaren testuan esaten da 2018an gauzatuko diren proiektuetarako izango direla soilik, urriaren 15a baino lehen burututakoentzat.

Proiektuak baloratzeko irizpideei dagokienez, kontuan izango da IKTetan euskara sustatzearen eragin-maila (75 puntura bitarte), proiektuaren kalitatea eta egokitasuna (20 puntura bitarte) eta kode irekia erabiltzea (5 puntura bitarte). Balorazioaren Batzorde Teknikoak egindako proposamenei erreparatuta, aurkeztutako eskaerak ebazteko arduraduna Euskarabideako zuzendari kudeatzailea izango da, eta bi hilabeteko epean ebazpena eman beharko du.

Erakunde onuradunek gardentasun-betebeharra bete beharko dute, Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren inguruko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen arabera, jasotako diru-laguntzaren zenbatekoa urtean 20.000 eurotik gorakoa bada edo emandako zenbatekoak erakunde eskatzailearen negozio-kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20a gainditzen badu.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora