Albisteak

Euskaraldia eskoletan lantzeko hezkuntza zikloetarako unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

2020-09-11

Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak, parte hartu du Euskaraldiaren aurkezpenean

Euskaraldiko unitate didaktikoen aurkezpen publikoa egin zuten irailaren 10ean Koldo Mitxelena Kultur Gunean. Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute prentsaurrekoan parte hartu duten eragile guztiek. Agerraldian Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen Institutuko zuzendariak, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartu dute parte material didaktikoen sorreran partaide izandako eragileekin batera: Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irria elkarteko Garazi Urrosolo.

Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, hezkuntza formalak euskararen garapenean daukan zeregina nabarmendu dute. Era berean, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak zera adierazi du: esparru ez-formala Hezkuntzan egiten den lanaren osagarri ezinbestekoa dela. Zentzu honetan, aurtengo Euskaraldian entitateen lanketan haur eta gazteei zuzendutako eskaintza duten eragileek izango duten garrantzia azpimarratu du.  

Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Urtxintxa eskolak prestatu dituzte Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko unitate didaktikoak.

Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko utzi dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora