Albisteak

Euskarabentura, aisialdi eta denbora libreko programa, uztailaren 6an Lekarozera iritsiko da

2021-07-02

Jarduerak Nafarroako Gobernuaren babesa du Euskarabidearekin sinaturiko hitzarmenaren bitartez, eta balio, kultura, euskara eta abenturan oinarritutako hezkuntza konbinatzen du

Lekarozen izango da, uztailaren 6tik aurrera, Euskarabenturaren kanpamendua; hau da, 16 eta 17 urteko gazteei zuzendutako jarduera, Nafarroako Gobernuaren babesa duena Euskarabidearekin egindako hitzarmenaren bitartez. Jardueraren helburuak dira, besteak beste, aisialdian euskararen erabilera sustatzea nahiz gazteen sareak sortzea. Edizio honetan, 120 lagunek eman dute izena, eta horietako 26 nafarrak dira.

Programari esker, euskal kulturaren hainbat alderdi hurbilduko zaizkie parte-hartzaileei, eta historiari, ondareari edo geografiari buruzko edukiak ere landuko dituzte, topaketa, hitzaldi eta tailerren bitartez, eremu desberdinetako profesionalek eskainita; tartean, musika, arte eszenikoak, bertsolaritza, literatura edo kirola. Aldi berean, autonomia eta erantzukizun pertsonala ez ezik, berdintasunaren, naturarekiko errespetuaren eta turismo iraunkorraren inguruko balio zibikoak ere jorratuko dituzte. Ekimena oinezko espedizio baten moduan hasi zen hasieran, eta, pandemiak ezarritako mugen ondorioz, hasierako formatua aldatu behar izan zuen. Ekimenak testuinguru linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik etorritako parte-hartzaileen arteko bizikidetza ahalbidetuko du.

Lehen txandan, uztailaren 2tik 11ra, kanpamendua Zokoa eta Lekarozen izango da; bigarren txandan, berriz, hilabete beraren 16tik 25era, Bidania-Goiatzen eta Aulestin egingo da. Kasu honetan, gainera, App espezifikoaren bidez jarraipena egin ahal izango da, www.euskarabentura.eus web orria eta Facebook, Twitter eta Instagram bidez ere bai, sare eta espazio birtual horietan irudiak eta bideoak sartzen joango baitira kanpamenduetan aurrez aurre parte hartzerik izan ez dutenekin ere esperientzia partekatzearren.

Euskarabentura Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta horren helburu nagusia programa  hau antolatzea da. Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmen bat du elkartearekin, eta 2021ean 15.000 euro jarriko ditu, Hiruko Itunaren helburuekin bat eginez; hau da, euskara sustatzeko lankidetzako akordio espezifikoa, Euskarabidearen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Euskararen Bulego Publikoaren artekoa; bertan, gazteei zuzendutako jarduerak sustatzea jasotzen da, tartean, Euskarabentura.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora