Albisteak

EGA eskuratzeko azterketak egiteko deialdia onartu du Hezkuntza Departamentuak

2018-11-05

Matrikula azaroaren 26tik abenduaren 20ra bitartean egin ahal izango da, eta azterketak 2019ko otsailean eta irailean burutuko dira 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko azterketen deialdia onartu du. Azterketa egin ahal izateko matrikula epea azaroaren 26tik abenduaren 20ra bitartean izanen da. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo bestelako erregistroetan aurkeztu ahal izango da.

Lehen deialdiko azterketak 2019ko otsailean izango dira, eta irailean egingo dira bigarren deialdikoak. Azterketak hiru proba izanen ditu: atarikoa, idatzia eta ahozkoa. Atariko probak hizkuntza baliabideen inguruko test moduko 80 galdera izango ditu; idatzian, bi idazlan osatu beharko dira 180 hitzeko bat eta 250 hitzeko argudiozko edo azalpenezko testu bat. Azken proban, ahozkoan, testu batetik abiatuta bost minutuko azalpena eman beharko da eta 10 minutuko solasaldi bat.

Azterketen data zehatzak eta deialdiaren inguruko informazioa www.ega.navarra.es eta www.navarra.es webguneetan kontsultatu daiteke. 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora