Plan estrategikoak

Euskararen I. plan estrategikoa

Euskara Nafarroako mintzaira berekia da, hizkuntza gutxitua halere, azken mendeetan gizartean zuen lekua galduz joan dena eta egun berreskurapen prozesuan dagoena. Horregatik, babesa eta sustapena behar ditu, Nafarroako herritar guztien ondarea izanda, guztiendako onuragarria eta aberasgarria izateko.
 
Horretarako, hizkuntza politika garatu behar da lege esparrua aintzat hartuta. Bada, horretan bi arau nagusi ditugu: 18/1986 Foru Legea, Euskarari buruzkoa eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna.
 
Euskarari buruzko legeak 1. artikuluan, honakoa ezarri zuen:
1.- Foru Lege honen xedea euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea da, gizarte
bizikidetzaren eta irakaskuntzaren esparruetan.
2.- Hauek dira lege honen ezinbesteko helburuak:
•    Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.
•    Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
•    Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.
3.- Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izanen dute.
 
Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak honako konpromisoa ezartzen die estatu sinatzaileei 7.2 artikuluan: gizartean ahulago dagoen hizkuntza erabiltzeko egon daitezkeen bereizketa, bazterkeria, murriztapen edo lehentasun justifikatu gabe oro, alegia, hizkuntza hori ahultzea edo hori mantendu edo garatzea arriskuan jartzea helburutzat izan dezaketenak ezabatzeko. Beraz, hartzen diren neurriek helburu izanen dute eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituztenen eta gainontzeko herritarren arteko berdintasuna bultzatzea.
 
Hala bada, hizkuntza aniztasuna politika publikoetan aintzat hartu behar da, eta euskara ikasi nahi duten herritarrek baliabide egokiak behar dituzte, eta hiztunek, berriz,
erabilerarako guneak.
 
Den moduan izanik ere, erakunde publikoek garatu beharreko hizkuntza politikak ongi planifikatua egon behar du, herritarrekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean aritzera bideratua, eta gauzatzeko egokiak diren baliabideez hornitua.
 
Aurreko horren guztiaren ondorioa da Nafarroako Gobernuak onartua duen Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019).
 
Hona hemen Plan Estrategikoaren laburpena biltzen duen bideoa:

 

Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) pdf formatuan eskuratzeko sakatu hemen.

Atzera